Udako arnasgunea arriskuan

Oporrak Bakean programan parte hartzen duten harrera familien kopuruak era nabarmenean behera egin duela-eta egitasmoa desagertzea ekiditeko larrialdi deia egin du Tadamun elkarteak.

Saharako umeak udan zehar zaintzeko harrera familia geroz eta gutxiago daudela ohartarazi du Tadamun elkarteak. Kezka agertu dute ordezkariek egoerarekin, eta gainbeherarekin jarraituz gero Oporrak Bakean programa bertan behera utzi beharko dutela azaldu dute. Txingudi Sahararekin Tadamun elkarteak programaren amaiera iritsi ez dadin laguntzeko deia luzatu die Bidasoko familiei.

Gainbeheraren arrazoien inguruan, jende askorentzat programa ezezaguna izan daitekeela uste du Junkal Bauza elkarteko kideak; Hondarribiko eta Irungo familien artean programaren gaineko informazio falta dagoela, alegia. Harrera ama izan da Bauza azken hiru urtean, eta onartu duenez, jendeak kalean gelditzen zuen ume saharar horrekin zergatik ote zegoen galdetzeko. Ezagutza faltaz gain, denbora eskasiak ere eragin nabarmena duela adierazi du Trini Fernandez elkarteko kideak. Orain dela hamabost urte hartu zuen parte lehen aldiz Oporrak Bakean programan. Azken krisi ekonomikoarekin batera hasi zirela familien falta sumatzen onartu du, baina ez du uste egungo arazoa ekonomikoa denik, harago doa haren baieztapenean: «Beldurra da batez ere arazo nagusia».

Urratsa egitera animatu nahi dituzte bidasoarrak, eta faktore ekonomikoa alboratzeko eskatu dute. Hegaldia elkarteak ordaintzen duela argitu dute, baita betaurrekoen beharra edo dentistarengana bisitak ere. «Mahai gainean beste plater bat gehiago jartzea da esfortzu ekonomiko bakarra», gaineratu du Bauzak.

Hizkuntza bera ere ez dela traba nabarmendu dute bi ordezkariek. Ume «azkarrak» eta «biziak» direla argitu dute, «kaleko umeak bezain biziak», gaineratu du Fernandezek, «Saharan familiak ondo egituratuta daude oro har, umeak maite dituzte eta ez zaie tratu txarrik ematen, ez dira abandonua pairatu duten haurrak…». Hala eta guztiz ere, zailtasun ugariren artean hazten dira, batez ere elikadura, higiene eta heziketa aldetik: «Oso indartsuak dira eta euren herriaz oso harro daude».

Basamortuko berotik ihes
Oporrak Bakean programa sortu izanaren arrazoi nagusia Saharako basamortuko klimatologiatik ihes egin eta haurrentzako arnasgune bat sortzea izan zen. Era berean, medikuarengana, dentistarengana edo oftalmologoarengana joateko aukera ematen die bertan egoteak. «Edozer gauza dutela hemen irtenbide bat eman ahal zaio», azaldu du Bauzak. Izan ere, kanpalekuetan bizi dituzten baldintzak «oso oinarrizkoak» direla ohartarazi du Fernandezek, «belarriko infekzio batek hilabeteak iraun dezake eta harea-ekaitza baten ondorioz begian sartzen zaien hondarrak tratamendu edo botika faltarengatik ultzera bat eragiten die azkenean».

Egoera horri elikagai eskasia gehitu behar zaiola nabarmendu dute Tadamunekoek. Oinarrizkoa jasotzen dute, esaterako azukrea, lekaleak edo arroza, baina ez, ordea, arrainik edo haragirik. «Daukatena dute, eta gutxi da gainera», dio Fernandezek. Azaldu duenez, Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak (UNHCR/ACNUR) banatutako jakiak jasotzen dituzte soilik, «zoritxarrez geroz eta jende gehiagoren artean banatu behar dituzte elikagaiak, tartean, palestinarrak, siriarrak…».

Aipatutako guztia gutxi balitz, bizitzeko oinarrizkoa den ur faltak are gehiago zailtzen du egoera. Zisterna kamioietan banatzen da ura, hamar egunean behin edo hamabostean behin, aldizkotasun finkorik gabe, eta etxeetako edukiontzi edo bidoi modukoetan sartzen dute. «Ur hori pozoia da guretzako, sikiera ezin ditugu horrekin hortzak garbitu», esan du Fernandezek.

Basamortuko tenperaturatik ihes egiteaz gain, umeak kanpalekuetatik aldentzeko aukera eskaintzea izan da orain arte programaren xedea. Baina ez hori bakarrik. Aniztasun funtzionala duten umeei ere Saharatik ateratzea ahalbidetu die, behar zuten arreta jaso zezaten. Horretarako epe luzerako zentro bat ere dago Eibarren, Fernandezek dioenez.

Karabana eta Martir Cherif
Tadamun Sahararen alde lan egiten duen bidasoar elkarteak finkatutako lan ildoen artean, Oporrak Bakean programaz gain, Sahararen aldeko karabanaren elikagai bilketa eta Martir Cherif ospitalearen kudeaketa daude. Elkarteko ordezkariek azaldu dutenez, 20 bat tona elikagai bildu dituzte azken urtetan karabanari esker. Kasu honetan ez da gainbeherarik antzematen. «Urtero ezustekoa hartzen dugu oso ondo ateratzen delako», azaldu du Bauzak. Supermerkatuetako zuzeneko harremanak dira arrakastaren gako nagusiak. Fernandezen arabera, «jendea orokorrean eskuzabala da»; zailena, ordea, denbora eskaintzea da.

Bidasoaldeko 50 bat boluntario mobilizatzen dituzte supermerkatuetan karabanaren alde aurrera eramaten duten elikagai bilketan. Hala eta guztiz ere, horretan jende gehiagok kolaboratu nahi badu, ongietorria izango dela zehaztu dute.

Tadamunek garatzen duen azken lan ildoa gerrako zaurituei eta pertsonen aurkako minen eraginez mutilatutakoei zuzendutako Martir Cherif ospitalea da. Irungo Udalarekin sinatutako elkarlanerako hitzarmen bati esker kudeatzen du Tadamunek zentroa. Oheak, hozkailuak, haize egokitua eta beste hainbat behar berritzen joateko aukera eman die hitzarmenak; baita pertsona horien elikadura espezifikoarekin laguntza emateko ere. Azken hori, hala ere, beste hainbat elkarteren laguntzari esker egin daitekeela onartu du Fernandezek, «ekonomikoki guk bakarrik ezingo genuke gastu hori gure gain hartu».

Marokok eraikitako harea horma guztian zehar jarritako minek sarraskia eragiten ari direla azaldu dute elkartekideek. Fernandezen arabera, dunak bizirik daude eta lekuz mugitzen joaten dira: «Marokok jarritako minak seinaleztatuak egon arren, dunak mugitu ahala minak ere mugituz doaz, eta beraz, zauritu eta batez ere mutilatu ugari eragiten dituzte». Egindako ahaleginak eraginkorrak ote diren jakiteko kanpalekuekin komunikazioa etengabea da. Hartara, maiz bidaiatzen dute elkarteko ordezkariek errefuxiatu guneetara, bidalitako elikagaiak iristen ote diren ikuskatzeko, eta bertan bizi direnen beharren berri edukitzeko eta zerrendatzeko.

Ikastea nahitaezkoa
Fronte Polisarioarekin elkarlanean hasi zen Tadamun elkartea Oporrak Bakean programa garatzeko, eta gaur egunera arte luzatu da harreman hori. 2000. urtean ekin zion Tadamunek programa osatzeari, eta lehen gauza kanpalekuetan bertaratzea izan zen. Fernandezek esan duenez, Oporrak Bakean programan parte hartu ahal izateko umeek bete beharreko nahitaezko baldintza da eskolara joatea. Beraz, espediente akademikoaren antzeko dokumentu bat bereganatzen dute elkartekideek kanpalekuetara iristean, eta dokumentu horrek umea erregulartasun batekin eskolara joaten dela erakutsi behar du; hau da, gutxi gorabehera ume arrunt baten bizitza eraman behar du programan parte hartu ahal izateko.

Hamar eta hamabi urte arteko umeak dira egitasmoan parte har dezaketenak, hiru urtez. Orain dela urte batzuk zortzi eta hamabi urte arteko haurrei zuzenduta zegoen, eta bost urtez etortzeko aukera zuten. Hala ere, familia kopurua murrizteak adin tartea txikitzea ekarri zuen. Hori horrela, harrera guraso kopuruaren arabera hainbat haur ateratzen dituzte. Fernandezek dioenez, ume gehiago ere ateratzen saiatzen dira: «Udalei laguntza eskatzen diegu horretarako, ea aparteko hegaldirik ordaintzeko prest ote dauden». Hala izanez gero, ume horiek aterpetxe batera bidaltzen dituzte. «Ez da onena», onartu du Fernandezek, «baina udara hemengo aterpetxe batean igarotzea basamortuan egotea baino hobeagoa da». Aterpetxe horiek pertsona boluntarioek egindako lanari esker aurrera egiten dutela nabarmendu dute.

Harrera familia kopuruak Tadamun elkarteak kontratatutako begiralearengan ere eragina izan du. Fernandezen hitzetan, «orain dela hiruzpalau urtera arte begirale bat genuen elkartean». Goizeko 10:00etatik 13:00etara bitartean mota guztietako jarduerak antolatzen zituzten umeentzako elkartean bertan. Harrera familiei laguntza ematea zen horren helburu nagusia, «noski, garai hartan hamalau bat ume genituen eta beraz, bideragarria zen oso». Gaur egun oso bestelakoa da egoera. Azken programan soilik lau umek parte hartu ahal izan dute. «Batek eguna kanpoan igarotzeko plana egiten bazuen eta bestea hondartzara eramaten bazuten, bi umerekin soilik gelditzen ginen», adierazi du Fernandezek. Hori guztia dela eta, ez zela bideragarria onartu du kideak, baina edozein modutan hurrengo ekitaldirako ume batzuk elkartzea lortuko balute, begiralea berriz ere kontratatzea proposatuko lukeela aitortu du.

Muga ez dezatela horretan jarri eskatu diete elkartekideek harrera gurasoei. «Benetan ez izatea hori arazoa, elkarteak ere lagundu egingo duelako», azaldu du Fernandezek. Ildo beretik mintzatu da Bauza, «ez dizute umea hor uzten eta akabo. Elkarteak prozesu horretan laguntza ematen du eta edozer zalantzarako hor daude». Hori horrela, aurrerapausoa ematera deitu dituzte herritarrak. Hasieran zailtasunak soilik ikustea normala dela iritzi diote, eta horregatik bat egin dute bi elkartekideek: «Zailena lehen urratsa egitea da». Hori gainditzeko gakoa informazioa dela eta, haiengana gerturatzea, galdetzea eta ondoren, aurrera egitea gomendatu dute.

Informazioa biltzeko, zalantzak argitzeko edota boluntario gisa parte hartzeko interesa duten lagunek sare sozialen bitartez egin dezaketela argitu dute. Hortaz, Facebooken Tadamun Elkartea profilaren bitartez harremanetan jar daitezke interesdunak, eta Instagramen, aldiz, Tadamun Erakundea izeneko orrialdean. Bertan elkarteko boluntarioen telefonoak ere eskura daitezkeela argitu dute.

(Fuente:Bidasoko Hitza-2019/11/08)