Uda honetan ezingo dute Euskal Herrira etorri, horrek dakarren guztiarekin

Covid-19aren aitzinean Saharako Fronte Polisarioak neurri gogorrak hartu ditu kanpamenduak babesteko. Neurri zorrotz horietako bat 1986tik etenik izan ez duen Oporrak Bakean programa bertan behera uztea izan da. Iaz 400 haur saharar etorri ziren Euskal Herrira eta aurten ere euren zain zeuden lagun batzuekin mintzatu da GAUR8

Pasai Donibaneko Bixi-Bixi elkartea buru-belarri dabil Sahararekiko elkartasunean. Horren adibide dira joan den urtean antolatutako Sahara-Euskal Herria jardunaldiak eta kanpamenduetara ur bidoiak eramateko proiektua. Herri txikia izan arren, uda honetan bost ume saharar hartzekoak ziren familietan, baina Covid-19aren krisia dela-eta Fronte Polisarioak konfinatzea eta haurrak ez ateratzea erabaki du. Itziar Goienetxea Bixi-Bixiko kidearekin mintzatu gara horrek dakartzan ondorioez.

Udan haurrak ekartzeko Oporrak Bakean programa 1986an hasi zen Euskal Herrian eta lehendabiziko aldia da bertan behera gelditu dena.

Birusa ez sartzea helburu

«Kaltetuak haurrak dira. Saharan dagoen basamorturik lehor eta beroenean bizi dira. Udan 50 gradutik gora egiten du normalean», agertu du Goienetxeak. «Haimetan bizi dira, edo bestela zapata kaxen antzekoak diren adobezko etxeetan. Iraun egin behar dute. Orain jada 35 gradutik gora ibiliko dira».

Kolpe handia hartu dute sahararrekin elkartasun proiektuak garatzen dituzten herrietan, besteak beste Euskal Herrian.

«Jende asko ezin buelta eman dabil oraindik, ea ez daukagun beste ezer egiterik edo ez dagoen beste biderik galdetzen, baina haien erabakia izan da. Eurak dira lehenengoak oso gogorra egin zaienak, baina koronabirusa kanpamenduetan ez sartzea da helburua», azaldu du Bixi-Bixiko kideak.

Birusa sartzea hondamendia izan daiteke, ez dutelako inongo defentsarik. «Izurritea sartuko balitz ez dakitela nola egingo lioketen aurre esaten ari dira. Ez daukate medikamenturik. 600 eskularru eta 2.000 maskara dituzte. Eskuz egiten ari dira hango emakumeak».

Mendebaldeko Saharan badaude jada kutsatu batzuk eta Fronte Polisarioak hagitz neurri gogorrak hartu ditu kanpamenduak babesteko.

Neurri zorrotz horietako bat aurten Oporrak Bakean ez egitea da. Euskal Herrira ia 400 haur etorri ziren iaz, 10-12 urtekoak. Ez etortzeak zer dakarren pentsatzean hasperen egiten du Goienetxeak. «Lehenik eta behin, haurrak basamortutik ez ateratzea. Harrera familiak gutxitu dira eta horrek ekarri du lehen hiru urtez etortzen ziren umeak orain bi urtez bakarrik etortzea. Gero ezin dira gehiago atera, kasu berezia ez bada, normalean osasunaren aldetik». Hori da Bixi-Bixikoak gehien kezkatzen dituena, hasitako osasun programei segida ez ematea. Badira haurrak ebakuntza egiteko ordua hartua dutenak, edo medikazioa aldatu beharra dutenak. Zein egoeratan geldituko dira?

Medikua, elikadura, ura…

Orokorrean, basamortutik ateratzetik aparte, garrantzitsua da umeak medikuarenetik pasatzea, arazoak konpontzeko eta oharkabean igarotako gaixotasunak detektatu eta sendatze bidean jartzeko. Bestalde, han duten janari falta hori osatzen dute hemen. «Han oso garestiak dira barazkiak eta fruta, oso zaila daukate funtsezko janaria eskuratzea. Zuzeneko urik ere ez dute, bidoietatik jasotzen dute dena. Orain arte zinkezko bidoiak izan dituzte eta orain, poliki-poliki, hemengo eta beste herri batzuetako laguntzarekin, plastiko berezi bateko bidoiak jartzen ari dira».

Kalitatezko ur faltak urdaileko eta ahoko arazoak ekartzen ditu, besteak beste.

Hona etortzen direnean iturria ireki eta zuzenean ura ateratzen dela ikustea da gehien harritzen dituen kontuetako bat. Beren lurrean itsasoa badute, baina basamortuan jaio direnek ez dute ezagutzen eta itsasoa lehenbizikoz ikusi eta igeri egitea zoragarria izaten da.

Alternatibak

Udako oporraldia amaitzean, ume bakoitzak maleta bat eramaten du etxera arroparekin, jostailuren batekin, eskolako materialarekin, baita ahal duten familiek eta lagunek emandako diru pixar batekin ere. Hori ere ez dute izanen aurten eta bidaltzeko modua egin nahi dute.

Sahararrek jakinarazi dute uda honetan alternatiba batzuk jarriko dituztela haurrentzat han bertan: jolasak, ikuskizun txikiak… «Oso zaila dute, itzalean 50 gradu baino gehiagorekin».

Erran bezala, ez dakite aurten bigarrenez etorri behar zuten haurrek datorren urtean etortzerik izanen duten, ume pila baitago basamortutik ateratzeko zain.

Oporrak Bakean programaren barrenean kanpamenduetara egiten duten Aste Santuko bigarren bidaia ere ezin izan dute egin eta horrek ere ondorio latzak izan ditu: medikamentuak, dirua, proiektuak bidean gelditu dira. «Urte oso gogorra izaten ari da sahararrentzat. Udazken-neguko bidaian izan nintzen eta nola tratatuak izan ginen: atentatuak, beldurra sartuta… Familientzat arnasbide bat da haur bat handik ateratzea».

Saharak Euskal Herriari bideoa

Egoera zail honetan sahararrek bideo hunkigarri bat plazaratu dute. «Ez dutena ere ematen ari zaizkigu: animoak, zaintzea, zenbat maite dituzten Euskal Herria eta bertako familiak, gure herriarekiko duten pentsamendua… Beste herriek ez bezala, Euskal Herriak proiektua hasi eta bukatu arte jarraitzen duela esaten dute. Gure egoera ezagutzen dute eta hurbil ikusten dute».

Hainbat familiak bideo zatiak bidali zituzten eta batu egin dituzte hemen. Ikus-entzunezko ederra osatu dute. «Maite zaituztegu, animo, matte-matte, Euskal Herria, indarra, eskerrik asko, 44 urtez itxialdian gaude, badakigu zer den hori, baina Euskal Herriak ere bai eta lortuko duzue». Halako mezuak ematen dituzte.

Bideoa ikusita jendeak galdetzen du: «Haur horiek euskaraz?». Euskaraz ere ikasten dute hemen eta Euskal Herriko familiak haur horienganako harremana eta hizkuntza ere mantentzen du eurekin egonez, mintzatuz… Erlazioa udatik harago doa.

Harreman estuak

«Harreman oso-oso estuak egiten dira. Gaur egun ama diren sahararrak hemen egon ziren 10 urterekin eta oraindik erlazioei eusten diete, asteroko edo hilabeteroko solasalditxo horien bidez. Hiru urtez egon naiz jada han. Etxe askotara joan gara eta lehen haurrak zirenak dagoeneko emakumeak direla ikustea eta iritsi eta euskaraz hitz egitea ederra da. Haur horiek jakintza handia hartzen dute eta eurek dioten bezala bigarren familia bat ere jasotzen dute, Euskal Herriko familia».

Harrera familia gutxiago dago orain, baina Pasai Donibanen alderantzizkoa gertatu da, iaz bi haur ekarri zituzten eta aurten bost ekartzera zihoazen. «Sahararrek ondo daudela esaten digute beti. ‘Zer moduz? Gu ondo’. Baina ez dakigu benetan nola sentitzen diren».

Honako mezua zabaldu nahi du Goienetxeak: «Haurrek ez dute hainbeste eskatzen eta argi polit bat ekartzen dute. Ea familia gehiago animatzen den datorren urtean eta umeak sarriago etor daitezkeen».

Asier Arriaga eta Miren Etxenike

«‘Plof’ gelditu gara, Skeinaren zain ginen. Gure kezka da ea berriro etorri ahal izango duen»

Skeina neskato sahararrak Pasai Donibanen bizi den bikote honen bizimodua astindu du, onerako. Asier Arriagak bidaia bat egin zuen kanpamenduetara, Bixi-Bixi kultur elkarteak Oiartzungo El Watan elkartearekin ur bidoiak eramateko eta aisialdirako zuen proiektuaren barnean. Lehendik ezagutzen zuten Sahararen egoera pixka bat, lagunak zituzten haurrak ekarri zituztenak, eta euren esperientziarekin eta bidaian ikusitakoarekin animatu ziren.

Nor ekarri behar zenuten?

A. A: Iaz ekarri genuen haur berbera, Skeina. Programa hasi zenean bost udatan etortzen ziren haurrak, baina murrizten joan da familia eskasiagatik eta gaur egun bi urtez etortzen ahal dira. Skeina lehenengoz atera zen joan den urtean eta zikloa betetzeko asmoa genuen.

Nolakoa da Skeina?

A. A: 12 urte egitera doan neska bat da. Oso alaia eta mugitua. Herri osoa irabazi zuen. Esperientzia guztiz aberasgarria izan zen. Elkar-eman bat.

Bertze umerik baduzue?

A. A: Ez, eta hasieran ez genuen inor hartzea planteatu horregatik. Baina ohartu ginen norbait ekartzeko ez zela umerik izan beharrik. Gainera, Skeinak ahizpa bikia du eta bera ere bazetorren lagun batzuen etxera, orduan elkarren arrimuan ondo egongo zirela pentsatu genuen.

Harremana mantentzen duzue?

A. A: Bai, bai. Eurak eta gu konfinatuta gaudela egunero ari gara teknologia berriekin euren berri jasotzen. Skeina segituan askatu zen, herrian erlazio pila bat egin zituen. Beragatik galdetzen digute. Abenduan kanpamenduetara joan nintzen eta elkarrekin egon ginen. Saharako familia da guretzat. Ilobek ere Skeina lehengusutzat hartzen dute.

Nola eragin dizue ez etortzeko erabakiak?

A. A: Ulergarria da Fronte Polisarioak hartu duen erabakia, gogorra ere bai. Bera etortzea espero genuen, itsasoa lehenengoz ikusi zuen hemen eta oso zalea da… Pixka bat ‘plof’ gelditu gara. Gure kezka da ea berriro etorri ahal

izango duen.

Zein mezu eman nahi duzu?

A. A: Sahararrek 44 urte daramate konfinamenduan. Herri gisa duten indarra frogatu dute. Ez dute karitatez bizi nahi, herri harrotasun hori dute. Umeen kasuan, ez dute beren lurra ere ezagutzen, ezta itsasoa ere. Skeinaren familia kostaldetik dator. Zein baldintzatan bizi diren eta zein irakaspen ematen diguten.

[Eurentzat ze aldaketa izan den kontatzen ari dela Miren Etxenike emaztea sumatu dugu atzetik solaserako gogoz].

Kaixo Miren. Zer diozu?

M. E: Skeinak gurera etortzerakoan bost kilo hartu zituen eta nik lau galdu! [irri egiten du]. Nik lana neukan. Orduan korrika ateratzen nintzen bila, Oiartzungo udalekuetara, gero etxera, bazkaria jarri, erosketak egin… Ume bat tarteko ardura gehiago hartzen duzu. Bazkaldu eta gero planen bat egin behar genuen. Betiko bizi lasaian aktibatu egiten zaitu.

Azterketa medikoak egiteko aukera ematen zaie haurrei. Skeinak zein behar zituen?

M. E: Txantxar handi bat izan zuen nerbioaren inguruan eta enpastea egin zioten.

Beste bizi era bat ikusteko modua ere izaten dute.

M. E: Bai. Nire barne kezkak baditut horrekin, gizarte kontsumista honek zer eragin diezaiekeen. Beti Kas laranja eskatzen zuela esaten nion eta behin hala bota zidan: «Zuk zure zerbezita hartzen duzu ba!». Sentsibilitate handia erakusten dute, batez ere beharra dutenenganako.

Eli Eizagirre

«Amorrua balia dezakegu beren lurrera itzultzeko indarra egiteko»

1986an, Oporrak Bakean programa abiatu zenean, 50na haur saharar etorri ziren Donostiara eta Gasteizera. Hasieran aterpetxeetan hartu zituzten eta 1995etik aitzinera familietan. 2007ko eta 2008ko udaretan Arrasate eta Aretxabaletako bi elkartek programa berezi bat egin zuten kanpamenduetako zentro batekin. Gerran zauritutako jendea bizi da bertan, baita euren umeak ere. Elkarteek txiki horiek saritu nahi izan zituzten uda Euskal Herrian pasatzeko aukera emanez. Hala sortu zen aterpetxeen proiektua berreskuratzeko ideia. Tartean zen Eli Eizagirre. Aurten 11. aldiz jarri behar zuen martxan kideekin Hernialdeko aterpetxea.

Zergatik aterpetxeak?

2008 inguruan, harrera familiak dezente gutxitu zirenean, gazte kuadrilla bat elkartu ginen lanerako gogoz, haur talde batek uda gurekin igaro zezan. Halaxe, 2010eko udaran aterpetxeak berreskuratu genituen.

Zenbat dira eta non daude?

Iazko udaran bost aterpetxe izan ziren martxan EAEn, 89 haurrekin. Bi Durangaldean, Axpen eta Izurtzan. Axpekoa Hamadako Izarrak elkarteak eramaten du eta Izurtzara berezitasunak dituzten haurrak etortzen dira Rio de Oro elkartearen bidez. Beste aterpe bat Larrabetzun dago, beste bat Arrasaten, eta gurea Hernialden. Nafarroan, pisuaren proiektua dago. Gutxienez ehun haur ekartzeko esfortzua egiten da eta familiarik gabe gelditzen direnak pisura eramaten dituzte. Iaz bi izan ziren.

Pisuak eta aterpetxeek bertze funtzio garrantzitsu bat ere betetzen dute, ezta?

Harrera familien programa babesten dute. Elkar ezagutzen ez duten pertsonak elkartzen ditugu: haur sahararrak eta harrera familiak. Eta batzuetan oso ondo funtzionatzen du eta beste batzuetan ez. Naturala da. Batzuetan haurraren berezitasunak direlako edo familiak ez duelako funtzionatzen ezinegona sortzen da eta umeek udara ongi bukatzeko aukera dute aterpetxean edo pisuan.

Egokitzapena ezberdina da aterpetxean?

Beste modu batera bizitzen dugu. Haur talde bat da. Guk, adibidez, 15 izan genituen iaz. Haurrak sahararren artean daude. Begirale sahararrak ere badaude. Hasieran deseroso egoten dira, familiarengandik urrun daudelako, baina hassaniaz hitz egiten jarraitzen dute eta beste haur sahararrak dituzte ondoan. Familietan egokitzapen gogorragoa daukate, zerotik beste hizkuntza bat entzuten dutelako, etxeko ohiturak hartu behar dituztelako…

Nola antolatzen zarete?

Aterpetxe bakoitzak bere arduradunak ditu, horiek koordinatzaile lanak egiten dituzte eta boluntarioak bilatzen dituzte haurrekin egoteko. Larrabetzuko proiektua Zumaiako elkarteak darama. Bi urtetik behin gazteak kanpamenduetara joaten dira eta udan txandak egiten dituzte aterpetxean. Guztiak boluntarioak gara.

Ez etortzeko erabakiarekin, nola gelditu da egitasmoa?

Kezkatuta gaude kanpamenduetako udarak ezagutzen ditugulako. 64 gradura iritsi ziren iaz. Kezka sakona eragiten digu gure lana izaten delako ahalik eta haur gehien ateratzea eta ezingo dugulako bete. Proiektu bat sortzeko koordinatzen ari gara. Itzuleran haurrek maleta bat eramaten dute material ugarirekin eta horiek bidaltzeko modua bila dezakegu. Ez etortzearen minak sortzen digun amorrua balia dezakegu batu eta indarra egiteko behingoz beren lurraldera itzultzeko.

(Fuente: Gaur8-2020/04/25)