Tolosaldea Sahararekin elkarteak deituta kontzentrazioa egin dute eguerdian, Tolosako Trianguloa plazan, Saharari babesa erakusteko. Aurretik, haur sahararrei bidaltzeko mezuak idazteko aukera egon da, Tolosako Trianguloan bertan.

«Gaur, azaroak 13, duela urtebete sahararrak eta marokoarrak berriro gerrari eutsi zioten eta egun aproposa iruditu zaigu saharar herriari elkartasuna adierazteko», azaldu du Eli Eizagirrek Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideak.

Eli Eizagirre: «Pandemiak harresi moduko bat sortu du Sahara eta Euskal Herriaren artean»

Nolakoa da egungo egoera sahararrentzat?

Mendebaldeko Sahara okupatuan egoera asko krudeldu da. Pentsatzen dugu urteurren honen inguruan sahararrak ospakizun batzuk egiteko pentsatzen ari zirela baina marokoar kolonoak indarrez sartu dira hainbat eta hainbat etxeetan eta garrantzitsua iruditzen zitzaigun gaur hemen elkarretaratzea egitea eta beraiei elkartasuna adieraztea.

Pandemia honen ondorioz, azken bi udaratan ez zaizkigu haur sahararrak etorri eta ondorioz proiektu asko bertan behera geratu zaizkigu. Pandemiak harresi moduko bat sortu du Sahara eta Euskal Herriaren artean eta udara aurretik Mezuak hodeietan bidaltzeko kanpaina sortu genuen, hodeiek mugarik ez dutelako eta munduan zehar bidaiatzen dutelako eta honela, Euskal Herritik Saharara hodeietan mezuak bidaltzeko aukera ikusi genuen. Udaran zehar hainbat eta hainbat mezu bidali ditugu. Baina orain, abenduaren 3an, Tolosaldetik, bidaiari batzuk joango dira Saharara eta mezu horiek eramango dituzte. Gaurkoan Tolosaldeko herritarren mezuak jasotzeko aukera egokia ikusten genuen. Horregatik egon gara 11:00-13:00 bitartean, mezu horiek jasotzen. Hodei dezente jaso dira eta pozik gaude jasotako erantzunarekin.

Umeek umeei elkartasun mezuak bidaliz.

Bai, azken bi asteotan ere ikastetxeekin harremana mantendu dugu eta irakasleak etorri dira azken bi aste hauetan eskolatan egindako mezuak ekartzera. Gaur ere ume batzuk hurbildu zaizkigu, heldu batzuk ere hurbildu zaizkigu eta Tolosaldeak eskainitako erantzunarekin pozik gaude.

Lehen aurreratu bezala, azken urtean ezin kanpamenduetara joan, baina aurten bidaia baten prestaketetan murgilduta zaudete.

Proiektu berri bat da, ibilgailuz joango gara, abenduaren 3an aterako gara. Ibilgailu hauek elkartasunez beteta joango dira, ibilgailuak mezuz beteta joango dira eta azken batean ibilgailu hauek besarkadaz beteta joango dira. Hori da oraintxe bertan behar dutena. Desertuan, errefuxiatu kanpamenduetan, egunerokotasunak monotonia sortzen die eta faltan botatzen dituzte gure bisitak, batez ere egunerokotasun horretatik ateratzeko aukera ematen dietelako. Jada haiek badakite gu bagoazela, prestatzen ari dira, ez dute ezer berezia antolatuko baina nahikoa da buruko aktibazio hori sortzeko, asko laguntzen die horrek. Helburu hori badu gure bidaiak.

(Fuente: atariatolosa-2021/11/13)