Sultana Jaya eta bere familiari elkartasuna adierazi diote Tolosan

Tolosaldea Sahararekin elkarteak deituta, ekintzaile sahararra eta bere familia sufritzen ari diren egoera gogorra salatu dute gaur arratsaldean Trianguloa plazan egin duten elkarteratzean.

300 egun baino gehiago igaro dira jada Marokoar erregimenaren aldetik setioa eta jazarpena jasaten ari dela Sultana Jaya eta bere familia. Gaur egun, Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan gehien ezagutzen den ekintzaile sahararretako bat da Jaya; marokoar okupatzaileen aurka bere lurraldearen alde ari baita borrokan. 2020ko azaroaren 13tik, gerrara itzuli ziren egunetik, Jayak bere etxea «liberatutako lehen etxea» zela esan eta polizia marokoarrak jazarpena jarri zuen bere etxe inguruan.

Geroztik, Jaya eta bere familiari tratu txar fisiko eta psikologikoak egiten dizkietela kontatu du Tolosaldea Sahararekin elkarteko lehendakaria den Alazne Ruizek, herri sahararraren autodeterminazioa eta independentziaren aldeko borroka utzi dezaten: «Giza eskubideen defentzaileak eta bere familiak etxe-atxilotze agindua dute, hau legezko oinarririk gabe ezarri zietelarik. Poliziaren kotxeek Jaya familiaren etxeko ataria blokeatzen ari dira, eta militar eta polizia marokoarrek beste ekintzaileen eta lagunen bisitak oztopatzen dizkiete. Behin baino gehiagotan Jaya ahizpak fisikoki erasotuak izan dira, eta polizia marokoarra euren etxean indarrean sartu dira, bertan zegoena puskatu eta lapurtzera. Jipoitu egin dituzte, bortxatu, kakaz bete eta likido toxikoa bota diete. Ondorioz, covid-19arekin kutsatu dira eta medikurik gabe daude».

Gauzak honela, Tolosaldea Sahararekin elkarteko hainbat kide eta herritar elkartu dira gaur arratsaldean Tolosako Trianguloa plazan. Bertan, potentziar administratzailea den Espainiar Estatuko Gobernuari bere erantzukizuna bete eta Sultana Jaya eta bere familia babestu ditzan eskatu diete. Elkartasuna adieraziz eta borrokarekin jarraituz, bihar arratsaldeko 19:00etan, Donostiako Boulevarden Gipuzkoa mailako elkarteratzea egingo dutela jakinarazi du Ruizek.

(Fuente:ataria-2021/09/10)