Sahararen askatasuna aldarri

Hogeigarrenez, Sahararen aldeko elkartasun maratoia egingo dute otsaileko azken astean. Hainbat euskal herritarrek eman dute izena; tartean dira Joxe Iriarte ‘Bikila’, Patxi Sanchez eta haren bi alabak, Itsaso eta Uxue.

Urtero bezala, Sahararen aldeko elkartasun maratoia egingo dute datorren otsaileko azken astean, hilaren 27a Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoaren eguna baliatzen baitute lasterketa antolatzeko. Aurtengoa,hain justu, otsailaren 22an egingo da, eta hogeigarren aldia izango du. Iaz bezala, 25 herrialde ingurutik joandako 400 korrikalari baino gehiagok parte hartuko dute, hala nola Txiletik, AEBetatik, Hego Koreatik, Singapurretik, Txinatik edota Italiatik joandakoek; Euskal Herritik joandako lasterkariak ere izango dira tartean.

«Oraingoz, Euskal Herriko 11 korrikalarik parte hartuko dute, baina otsailaren 15a arte izena emateko aukera dago», esan du Gregorio Eizagirre Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideak. Hamar urte baino gehiagoz Euskal Herriko koordinatzaile lanetan dabil Eizagirre. 2001ean AEBetako Western Sahara Fundazioaren eta Saharako Emakumeen Batasun Nazionalaren elkarlanarekin Sahararen aldeko elkartasun maratoia sortu zen arren, azken urteetan Madrilgo talde batek gidatzen du antolaketa. Maratoiaz gain, distantzia laburragoak diren beste hiru lasterketa ere egiten dituzte: maratoi erdia, hamar kilometrokoa eta bost kilometrokoa.

Lasterketa eguna gerturatuz doan heinean, Eizagirre azken prestaketa lanak egiten ari da maratoia egitera joan behar duten korrikalariekin, besteak beste Joxe Iriarte Bikila eta Patxi Sanchezekin. Ez da maratoian parte hartzen duten lehen aldia.

Iriartek, esaterako, bosgarrenez parte hartuko du; 54 urte zituela, lehen edizioan maratoi erdia egin zuen; lau urte geroago, maratoi osoa egin zuen; 2010ean hamar kilometrokoa egin zuen, eta 2015ean, berriz, bost kilometrokoa. Datorren otsailean, 70 urte izango dituen arren, hamar kilometroko lasterketa egingo du, semearekin batera. «Osasunak laguntzen didan bitartean, aurrera».

Sanchezek, aldiz, bigarren aldia izango du. Orain dela hamar urte joan zen lehen aldiz, eta, han bizi izandako esperientzia gustatu zitzaionez, maratoia egitera animatu da berriz ere. «Oraingo honetan, ordea, nire bi alabekin joango naiz, Itsasorekin eta Uxuerekin». Uxuek dio gurasoek lasterketako eta kanpamentuko argazkiak erakutsi zizkiotenean inbidiak jota geratu zela: «Udako afari batean gai horretaz hitz egiten hasi ginen, eta bitan pentsatu gabe hirurok batera eman dugu izena». Itsasok hartu du hitza ondoren: «Nire ahizpak eta biok, baina, bost kilometroko lasterketa egingo dugu. Urtarriletik aurrera hasiko gara entrenatzen», esan du barrez.

Basamortuari errespetua

Sahararrek aterpe dituzten hiru wilaya (herrialde) batzen ditu maratoiak: Smara, Auserd eta Aaiun. Guztiak bat datoz Tindufeko kanpamentuetan topatuko duten klimatologia oso bestelakoa izango dela Euskal Herrikoarekin alderatuz. Horregatik, baldintza zeharo ezberdinetan korrika egin beharko dute.

Iriartek ohartarazi du tenperaturarekin eta haizearekin kontu handiz ibili beharko dutela. Izan ere, maratoia bederatziak aldera hasten da, eta hamar graduko tenperatura izaten dute. Handik bi ordura, baina, termometroa 30 gradu ingurura igotzen da, eta baldintza horri haizea gehitzen bazaio, egoera are zailagoa jartzen da. Iriartek 2005ean gertatu zitzaiona ekarri du gogora: «Hondar ekaitza izan genuen, eta momentu batez galdu egin nintzen. Zorionez, nola edo hala, bidea aurkitu eta lasterketa amaitzea lortu nuen». Horregatik, aurpegia eta burua babestea komeni dela diote Sanchezek eta Iriartek.

Ibilbideari dagokionez, korrikalariek lehen 25 kilometroak harea gogorrean egingo dituzte. Ondorengoko bost kilometroak dunetan egin beharko dituzte, eta sasi-ordekan ibiliko dira. Azken kilometroak, berriz, lauak dira. Sanchez, esaterako, Zarauzko (Gipuzkoa) hondartzan entrenatzen dabil, hankak baldintza horietara «ohituz» joateko. Bestalde, ibilbidean zehar, polisarioak eta medikuak laguntzen egongo dira.

Guztiek aitortu dute basamortuari «errespetua» diotela. Iriartek esan du «inpresio izugarrizkoa» ematen diola: «Talde bat ikusten duzu aurrean, beste talde bat atzean… Baina ezker-eskuin begiratu, eta bakardade latza da». Itsaso Sanchez basamortuan egon ez denez, berarentzat esperientzia «ahaztezina» izango da.

Lasterketa baino gehiago

Elkartasun lasterketa egiteaz gain, parte hartzaileek Aljeriako kanpalekuetan bizi diren sahararrekin igaroko dute astea, eta egun horietan ikastetxeak, ospitaleak eta kooperazio proiektuak bisitatuko dituzte. Bestalde, sahararrei basamortuan bizirik irauteko oinarrizko baliabideak eskaintzeaz gain, izena emateko ordaintzen dituzten 900 euroetatik 200 saharar gazteek kirola egitera bultzatzeko bideratuko dira.

Egun horietan haien kultura, ohiturak eta egunerokoa ezagutzeko parada izango dute. Iriartek dio kanpamentuetara joan den bakoitzean familia sahararrek harrera oso beroa egin ohi diotela. «Gurekin eskuzabalak izaten saiatzen dira, eta otorduak beraiek normalean egiten dituztenak baino bereziagoak izaten dira, gu eroso senti gaitezen».

Dena den, Eizagirrek gogorarazi du errefuxiatu kanpamentuetan dauden sahararrak, batez ere, nazioartetik jasotako laguntzagatik bizi direla. «Baldintza oso kaskarretan bizi dira. Elikadurarekin arazo handiak dituzte, baita osasunarekin ere. Argindarrarekin ere arazo handiak izan ohi dituzte». Patxi Sanchezek, esaterako, argiketaria denez, matxuratuta dauden tramankulu elektronikoak konpontzeko ere aprobetxatuko du egonaldia.

44 urte salbuespen egoeran

Eizagirrek argi esan du Aljeriako kanpamentuetan dauden sahararrak errefuxiatuak direla, «beren herrialdea okupatua dutelako». Hain zuzen ere, 250.000 saharar errefuxiatu inguruk berrogei urte baino gehiago daramatzate aberrira noiz itzuliko zain. Behin-behinekoa izateko kanpamentua sortu zena lau hamarkada baino gehiago luzatzen ari da. Joan den azaroaren 5ean, zehazki, 44 urte bete ziren Marokok, Martxa Berdea izenarekin, Sahara mendebaldea inbaditu zuela.

Urte hauetan zehar, Euskal Herrian hamaika dira sahararren herriari laguntzeko antolatzen diren egitasmoak, «euskaldunok sahararren egoera antzekoa bizi dugulako», Eizagirreren esanetan. Itsaso Sanchez harago doa: «Euskal eta saharar herriak zapalduak daude. Beraz, ez da harritzekoa euskaldunok sahararren egoerarekiko sentsibilitatea edukitzea». Urtero, Euskal Herriko hainbat ikastetxetan arropa eta janari bilketak egiten dira sahararrei bidaltzeko.

Halere, Iriarteren ustetan, elkartasun maratoiak badu «xarma berezi» bat: «Lasterketa egitea baino gehiago, astebetez sahararren errealitatea bizitzeko aukera paregabea duzu».

(Fuente: Berria-2019/01/02)