Sahararen aldeko notak

Hemezortzi artista eta hamabi kanta izan dira Saharari Kantari egitasmoak kaleratu duen diskoaren emaitza. Kultur arloan Euskal Herria eta Mendebaldeko Sahara elkartzeko ekinaldiaren parte da diskoa. «Isildu ditzagun bonbak eta eraman dezagun musika Saharako dunetaraino», helarazi du Kristina Berasain kazetariak, proiektuaren bultzatzaileak.

Orotara hemezortzi artistak landu dute diskoa: Euskal Herriko hamaseik eta Mendebaldeko Saharako bik. «Artistarik gabe ez genuen honelako proiektu bat bultzatzerik izango. Haiei egitasmoa aurkeztu ondoren, Sahara izena aipatu ondoren, baiezkoa izan zen denen erantzuna», oroitu du Berasainek. Musikariak «musu truk» eta «ilusio handiz» ibili direla ere esan du egitasmoaren bultzatzaileak.

Ikusi gehiago: Erosi ‘Saharari kantari’ diskoa, BERRIA dendan

Bildumako hamabi kantetan hainbat artista entzun ahalko dira: Mikel Laboa —haren ahotsaz eta musikaz baliatu dira kanta osatzeko—, Mikel Urdangarin, Anari, Iker Lauroba, Esti Markez, Fariba Sheikhan, Oreka TX , Postal Kolekzionistak, Physis versus Nomos, Pello Reparaz, Izaro, Olatz Salvador, Idoia Asurmendi, Itziar Ituño, Eñaut Elorrieta, Olaia Inziarte, Aziza Brahim eta Ali Seidah. Brahim eta Seidah Saharan jaio eta hazitako abeslariak dira.

«Euskal Herriaren eta Sahararen arteko harremana oparoa da, baina kulturaren eta musikaren aldetik guk ere gure ekarpena egin nahi izan dugu. Ekarpen horren fruitu da bilduma hau», esan du Berasainek. Diskoa aurkezteko, kontzertu bakar bat emango dute, abenduaren 22an, Kursaalean, Donostian. Kontzertuan «sorpresa ugari» egongo direla esan dute antolatzaileek, Jon Maia bertsolaria tartean.

Abeslariek aurretik sortutako kantak daude diskoan, baina baita Saharari Kantari ekinaldirako espresuki sortutako lanak ere. Horren adibide da Salvadorrek, Asurmendik eta Ituñok elkarrekin egindako Haizea harrien kontra kantua.

«Ezin dugu ahaztu Saharako jendea gerra batean murgildurik dagoela. 50 urte daramatzate erbestean, 50 urte basamortuko errefuxiatu kanpaleku batean marjinaturik», esan du Berasainek. Bildumarekin, Saharari «elkartasun keinu bat» adierazi nahi izan dio kazetariak. Gabriel Celaya poetaren hitzez baliatu da Berasain: «Euskal poeta batek zioen moduan, poesia etorkizunez betetako arma bat da, eta espero dugu disko honetako poesiaz beteriko kanta hauek axolagabekeriari eta isildu eta ahaztutako gatazka honi aurre egitea».

Egitasmoan parte hartu duten artistek ere proiektuaren inguruko adierazpenak egin dituzte. Haien artean, Iker Lauroba musikariak adierazi du gertuko duela Saharako gatazka: «Saharan hiru aldiz egon naiz, eta errefuxiatuen kanpalekuetako errealitatea ikusi izan ahal dut. Arazo sakon bat da bertan dagoena, eta arazo hori orainaldira eta guregana ekartzeko tresna aproposa da bilduma hau». Laurobaren ustez, «salaketa» bat da diskoa, eta artistek musikaren bidez egin diote ekarpena.

Itziar Ituño abeslari eta aktorea ere Saharan izandakoa da. «Banekien munduko basamorturik lehorrenean loratutako herri bat zegoela, baina ez nuen ongi jakin bertan egon nintzen arte», esan du Ituñok. Euskal Herriaren eta Sahararen artean «antzekotasunak» ikusi zituela adierazi du aktoreak, «borrokan ondoan egon diren bi herriren» arteko antzekotasunak. Erantsi du ezen, han ikusitakoak bultzatuta, ez zela aukera bat Berasainek proposatutako proiektuari ezetz esatea.

Bonbak gelditu

Fronte Polisarioaren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ordezkariordeak, Fatma Mohamedek, eskerrak eman dizkio diskoa aurrera eraman duten eragileei: «Artistei eskerrak eman nahi dizkiegu. Opari handi bat da hau, kulturaz beteriko opari bat. Eskerrik asko proiektuaren babesle guztiei ere. Horrelako egitasmoek gure herriari ahotsa ematen diote, eta gure gatazka munduko txoko guztietara eramaten laguntzen digute». Mohamedek Saharak pairatu behar izan dituen jazarpenak nabarmendu ditu, eta borrokan jarraituko dutela esan du, bidean aurkituko dituzten «oztopo» guztien gainetik.

Horrez gain, gaur egun Gazako lurraldeak pairatzen duen egoeraren harira, Palestinako lurraldeei elkartasuna erakutsi diete protagonistek. «Gazako gatazkak eragindako lurraldeei, Palestinako lurraldeei, gure elkartasuna adierazi nahi diegu», esan du Mohamedek. Berasainek ere «Gaza eta Saharako bonbak» gelditzeko deia egin du.

Saharako gatazkari gertutik erreparatu dion kazetari bat da Berasain. Sahararren askatasunaren alde, bere ideia egia bihurtzea lortu du Euskal Fondoaren, Donostiako Udalaren, Elkarren, BERRIAren eta Bakunen laguntzarekin.

(Fuente: berria-2023/11/004)