Saharako Errepublikaren 46. urteurrenean NBEri eta Madrili konpromisoak betetzeko eskatu diete

Otsailaren 27a egun handia da sahararrentzat, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa (SEAD, gaztelaniaz RASD) aldarrikatu baitzen 1976an. Iruñeko manifestazioan, elkartasuna adierazteaz gain, agindutako erreferenduma egiteko eskatu diete Nazio Batuei. Estatu espainiarrari, berriz, SEAD onartzeko.

46 urte bete dira Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa (SEAD, gaztelaniaz RASD) aldarrikatu zela eta urte aunitzez bake bideetatik borroka egin ondotik, 2020ko azaroan Marokok su-etena hautsi zuen. Ondorioz gerra bat hasi zen, gaur oraindik piztuta segitzen duena. Sahara babesteko Nafarroako mugimenduak antolatuta, manifestazio bat egin da igande honetan Iruñean.

Eguerdian zen hitzordua, Baluarte plazan. Hiriko kaleetatik ibili dira hainbat herritar, sahararrak zein euskaldunak, ‘Sahara, aske orain, libre ya’ lelotzat hartuta, «Maroko errudun, Espainia arduradun» oihuka. Gaztelu Plazan amaitu da martxa, ekitaldi batekin. Bertan izan dira, bertze hamaika eragilerekin batera, Nafarroako Parlamentuko kideak, Unai Hualde presidentea buru.

Bertan, Ahotsa.infok jaso duenez, Nazio Batuei eskatu diete agindutako erreferenduma antola dezala. Estatu espainiarrari, bere aldetik, potentzia administratzaile gisa dituen betebeharrak betetzeko eta SEAD onartzeko exijitu diote.

«SEAD sendotzea bakea sendotzea da»

Lehebib Breika Abderrahaman Fronte Polisarioak Nafarroan duen ordezkariak hartu du hitza. 1976ko otsailaren 27an, bandera espainiarra Mendebaldeko Sahara okupatuko hiriburutik, Aaiundik jaitsi zela oroitu du, mende bateko kolonizazioaren ondotik. Segidan, Marokok inbaditu zuen lurraldea, Saharako herriaren erresistentziari aurre eginez.

Egun horretan bertan, otsailaren 27an, SEAD aldarrikatu zen zonalde liberaletan. «Gaur egun, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa ukatu ezin den errealitate bat da. Marokok, okupazio indarrak, ere onartu behar izan du».

Erantsi duenez, eskualdeak Marokok errepublikaren zati handi bat inbaditu-okupatua duela-eta bizi duen egonkortasun faltak, Saharako herriari dagozkion eskubideak ukatzen dizkionak, argi erakusten du Saharako Errepublika egonkortasun elementu bat dela. «SEAD sendotzea bakea eta egonkortasuna sendotzea da».

Breikak otsailaren 27 honen garrantzia azpimarratu du. «Saharako herriak emozio handiz ospatzen du, baina ez ditu ahazten borroka eremuan erori direnak, ezta une honetan borrokaren lehen lerroan herriaren askatasunaren alde ari diren borrokalariak ere».

Euskal Herriko hainbat udaletxetako balkoietan ere Saharako banderak jarri dituzte, elkartasunez, baita Gasteizko Legebiltzarrean ere.

(Fuente: naiz-27/02/2022)