Saharako errefuxiatuendako janari bilketa urtarrilaren 24an hasiko da, Bubisherren eskutik

Bergarako Sahararen aldeko Bubisher elkarteak eta Bergarako Udalak,  Sahararen aldeko XVI. Euskal Karabana abiarazi dute. Urtarrilaren 24an hasi eta otsailaren 8ra bitartean egingo dute janari bilketa: «Janari partiden beherakada eman da azken urteotan, eta malnutrizio eta anemia kasuak asko areagotzen ari dira», diote Bubisher elkartekoek.

Bubisher elkartekoek laguntza eske bidali dute prentsa oharra komunikabideetara: «Iritsi da saharar errefuxiatuentzako janaria biltzeko garaia eta beste behin ere zuen laguntza eske gatoz. Denon kolaborazioa behar dugu janari bilketa honetan ahalik eta elikagai gehien bildu dezagun». Hurrengo otsailean irtengo da karabana solidarioa eta haren helburua da saharar herriari elikagaiak helaraztea, Tindufen (Aljeria) errefuxiatuta dagoen saharar populazioak jasaten duen elikadura-krisi larria, ahal den neurrian, arintzeko.

Egoerak, «okerrera»

Gainera, azken urteetan kooperaziorako hainbat laguntzarik gabe geratu dira han:  «Janari partiden beherakada eman da azken urteotan, eta malnutrizio eta anemia kasuak asko areagotzen ari dira. Egoera ikusita, ahalik eta elikagai gehien biltzea da gure helburua, bizi duten egoera zaila zertxobait samurtu ahal izateko».

Hortaz, otsailaren 8ra bitarte egingo da bilketa herriko zentro komertzialetan eta ikastetxeetan. Lagundu nahi izanez gero ondorengo zerrendan adierazten diren janariak dira bildu nahi direnak: arroza, pasta, babarrunak, garbantzuak, dilistak, hegaluzea oliotan, sardinak oliotan, azukrea eta konpresak.

(Fuente:Goiena-2020/01/22)