Sahara, herri bat erresistentzian
Kristina Berasain Tristan BERRIAko kazetariak Mendebaldeko Saharako gatazka ahaztu eta isildua aztertu du. Kazetaritza kronika bat da: sahararrak gerraz, errepresioaz, heriotzaz eta erbesteaz mintzo dira. Bihar aurkeztuko dute liburua, Donostian.
Antzinako artilezko haima zuri-beltzak olana zuriz edo berdez egindakoek ordezkatu dituzte. Hegoaldera ematen duen atea zabalduta zegoen. Berez haimek lau norabideetara daukate atea, baina hegoaldera begiratzen duena da zabalik egoten dena. Embarka Brahim Bumajruta erdiko makilari zegoen helduta, erkiza-ri, oihalezko etxeari eusten dion hesola sendoari. Barrura sartzean sahararrek errepikatu ohi dutena entzun nuen haren ahotan: «Ongi etorri. Haima hau zure haima da».
(…) Tindufen, norbaiten etxea bilatzen ari zarenean, familiako emakumearen haimaz galdetu behar da. Embarka Brahim Bumajrutarena (Aaiun, 1955) azkar aurkitu genuen. Emakume samur bezain sendo hau oso estimatua da sahararren artean. Fronte Polisarioaren sortzaileetako bat izan zen, eta gaur egun parlamentaria da. Bojadorko wilaya-ko bere haiman udaberriko goiz bat pasatzea ohore bat izan zen. Gaztetako kemenarekin eusten dio erresistentziari: «Sahararrek beren nortasunari eusten diote dauden tokian daudela, eta sentipen hori, saharar izatearena, da proiektu nazional honen bermea. Sinesmen horrek borroka honetan elkartzen gaitu».
(…) Ahmed Kaid Saleh eta Embarka Brahim Bumajruta senar-emazteen etxean eratu zen Fronte Polisarioa, Zueraten, Mauritanian. Kongresua berez 1973ko apirilaren 29an hasi zen. Sahararrak kolonialismoak ezarritako mugetan sakabanatuta bizi ziren, nomadak baitziren, eta adostutako testua zelula guztiekin kontrastatu behar zen. «Epe bat ezarri zen. Mendebaldeko Saharan, Mauritanian, Marokon eta Aljerian zeuden militanteei azkar helarazi behar zitzaien informazioa. Garai hartan ez zegoen telefonorik». Ekintzaileak, misioa beteta, berriz elkartu ziren euren etxean, klandestinitatean. Konstituzioa maiatzaren 10ean onartu zuten. Kongresuak 48 ordu iraun zuen. Gau eta egun aritu ziren. Etenik gabe.
Bumajrutaren begietan, haren bizitza irakur daiteke. Haren hitzetan, historiak kontakizun baten antza hartzen du. «Nayat Lamjad nire amaginarreba ere han zen. Bi emakume baino ez ginen. Egun handia izan zen, nahiz eta orduan ez ginen ohartzen. Gure borrokaren hasiera izan zen, gure iraultzaren hasiera».
(…) Askapen mugimendu nazionalak irautearen gakoa klandestinitatea zela zioen: «Dena zen sekretua. Bakoitzak bazekien zein zen bere eginkizuna. Etxez etxe ibiltzen ginen, ezkutuan beti. Senarra eta emaztea mugimenduan egon zitezkeen, baina ez zioten elkarri ezer esaten».
El-Uali aipatzean haren begi beltzek distira egin zuten. Mustafa Saied el-Uali (1950-1976) mito bat da sahararrentzat. Fronte Polisarioaren sortzaile eta heroi nazionaletako bat da. El-Uali aparta zen, ia izaki mitologiko bat, erdi ameslaria erdi gerrillaria. Gazte saharar batek ederki laburbildu zidan harekiko miresmena kanpalekuetara egin nuen lehen bidaian: «Orduak pasa ditzaket haren argazkiari begira. Zirrara eragiten dit».
El-Ualiren irudia nonahi ikus daiteke kanpalekuetan. SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu eta lau hilabetera hil zuten buruzagia, Mauritaniako hiriburuari erasotzen ari zirela.
Bumajrutak irribarre bihurri batekin kontatu zuen harekin bizi izandako pasarte bat. «Nuadhibura laguntzeko eskatu zidan kongresuaren atarian. Han zeuden zelulei esku artean genuen egitasmoa jakinarazi behar genien. Burdina garraiatzen duen trenean joan ginen, bagoien barruan. Joaterakoan beteta zihoan eta bueltan hutsik. Oroitzapen ederra daukat bidaia hartaz».
Zuerat eta Nuadhibu lotzen dituen tren honek hamazazpi ordu behar ditu 650 kilometroko ibilbidea egiteko. Mendebaldeko Saharako mugatik paraleloan doa, berrehun bagoiko konboi bat osatuz, burdinazko suge erraldoi bat basamortuan, triki-traka. Marokorekin eta Mauritaniarekin gerra abiatu zenean, polisariokoek behin eta berriz eraso zioten gaur egun ere burdin minerala garraiatzen duen trenari. Munduko trenik luzeenetako bat da.
(…) Aaiunera abenduaren 11ko goizaldean iritsi ziren tankeak. Sarrerak eta irteerak itxi zituzten. Kaleak militarrez bete ziren. Etxeratze agindua ezarri zen. Hiru pertsona baino gehiago elkartzea delitu bihurtu zen. Sahararrei kale batzuetatik pasatzea debekatu zieten; kontrolak etengabeak ziren. Egundaino dirauen jazarpena hasi besterik ez zen egin.
(…) Bumajrutak «basakeria» hitza aipatu zuen: «Ekintzaile guztiei alde egiteko mezua helarazi ziguten. Kideak atxilotzen ari ziren. Ni Amgalara joan nintzen aurrenekoz. Gero, Mahbesera. Aljeriak muga ireki zuenean hemen babestu ginen, Tindufen».
Mauritaniaren traizioaz ere mintzatu zen. «Polisarioko guztiak kanporatu zituzten; zuzendaritzako kideak atxilotu. Gure etxea setiatu egin zuten». Begiak malkoz bete zitzaizkion. «Espainiaren promesa ez zen bete, ez zen erreferendumik egin. Beste traizio bat izan zen. Beti egiten dut negar garai hartaz hitz egiten dudanean. Oso latza izan zen. Basamortura iritsi ginen, basamortuak duen esanahi guztiarekin».
Soinean zeraman hondar koloreko melhfa-ren ertzarekin,tarf-arekin, lehortu zituen malkoak. Eten bat egin zuen. Bumajrutarengan emakume asko daude. Tea prestatzen hasi zen. Barrad-a hartu zuen eskuetan, teontzia, eta mendafin sorta sartu zuen barruan. «Bizitza lehen tea bezain garratza da».
(Fuente:Berria-2023/11/16)