Mulay omendu eta Sahara libre bat aldarrikatu dute

Elkarretaratze hunkigarria egin zuten zapatuan Lameran; minutu bateko isilunea egin eta ‘Txoria Txori’ abesten amaitu zuten.

Marokoko Armadako dron baten erasoaren ondorioz, lau brigadista hil ziren urriaren 14an Mendebaldeko Saharan; horietako bat izan zen Mulay Mohamed Aita. Hain zuzen ere, Oporrak Bakean egitasmoaren bidez Bermeon egondakoa zen Mulay. Besalde elkartekoek deituta, herritar ugari batu ziren zapatuan Bermeon, Mulay eta hildako brigadistak omentzeko, eta Sahara libre bat aldarrikatzeko.

Bermeoko harrera familiakoek gogoratu zuten zelan iritsi zen Mulay Bermeora: “Duela 21 urte lagun baten deia jaso nuen. 12 urteko saharar batentzako harrera familia bat behar zela esan zidan. Umeak aita zeukan Bermeon, gaixorik. Urteetan ikusi barik zeuden, eta aukera ona zen biak batzeko”.

Ume “bizkorra, bihurria eta xelebrea” zela gogora ekarri zuen. Aritzatxu zen bere lekurik gustokoena; “bertan batzen zen Mojigaz –duela bi urte Marokok hildakoa–”. Kanpamentuetara itzuli, eta hurrengo urteetan bueltatzeko ahalegina egin bazuten ere, ez zuten lortu, eta aitaren bitartez zeukaten harremana: “Aitak hainbat urte Bermeon egin ostean, kanpamentuetara bueltatu eta duela  bost urte hil zen”.

Sahara ezagutzeko aukera eduki dute, bidaia “ahaztuezina” izan zela gogorarazita: “Basamortuan, errefuxiatuen kanpamentuetan askatasunagaz amets egiten dute, eta 48 urte daramatzate euren herriaren askatasuna aldarrikatzen”. Duela hiru urte “gerra isilera” bueltatu zirela aipatu zuten: “Gazteen bizitzak eroaten dituzten gerrak dira. Gerran, zerutik dator infernua. 1975ean zerutik etorri ziren Napal bonbardaketak, eta 2023an zerutik etorri dira dronak gazteak hilda, hainbat gazte. Ez da bidezkoa”.

“Bidegabekerien” aurka elkartu ziren zapatuan Bermeoko Lameran: “Gazte sahararren bizitza eta ametsak aldarrikatzeko eta euren ahotsaren oihartzuna izateko batu gara, basamortuen hil dituzten hainbat Moji eta Mulay omentzeko eta Espainiako Gobernuari eskatzeko 48 urteko borroka latz honeri amaiera emateko. Ez dugu amorerik emango eta ez gara isilduko, lau haizetara zabalduko dugu Sahara sahararrarena dela”.

Bestetik, Besaldetik azaldu zuten Marokok Israelgo erregimenaren gobernutik lortzen dituela dronak: “Modu horretara, Marokoko okupazio indarrek Saharako lurraldea erasotzen dute, dronak zaintzarako eta erasorako erabili daitezkeelako”.

Mulayren heriotza “bereziki mingarria” dela esan zuten: “Heriotza isila da, ez da inon agertzen. Mingarria da Oporrak Bakeam programaren bidez, gure herrian egon zelako. Mingarria da berari esker eta gure etxeetara etorritako bere antzeko beste ume batzuei esker, saharar herriaren aldarrikapenak gureak egin dituulako, desertuan erbesteratutako eta Marokok okupatutako eta zapaldutako herriaren historiagaz jabetu garelako. Ume horiek euren herriaren enbaxadore txikiak izan ziren”.

Horregatik, “sahararrek bizi duten gatazka ikusarazteko” batu ziren zapatuan Bermeon, eta “herri sahararrari ahotsa emateko”. Elkarretaratze hunkigarria egin zuten. Minutu bateko isilunea egin eta Txoria Txori abesten amaitu zuten.

(Fuente:busturialdea.hitza -2023/10/30)