Kolokan daude Sahara, Txernobyl eta Palestinarekin eraikitako elkartasun zubiak

Mundu mailako krisi honen aurretik jada larri bizi zirenen egoerak okerrera egin duela esan digute Saharako Lagunek, Chernobil Elkarteko kideek eta Palestinako UNRWAko kideek ‘Faktoria’n.

“Mugen itxierak, kanpoko laguntza jaso ez izanak eta merkataritza eta ekonomia jardueren jaitsierak ondorio nabarmenak eragin ditu Saharan” Maite Berzosa Saharako Lagunen elkarteko kideak azaldu duenez ‘Faktoria‘ saioan. Euskal Herrian bildutako elikagaiak Alicanten dauzkate blokeatuta, Saharara heldu ezinik. Horrez gain, Oporrak Bakean programa bertan behera utzi behar izan dute. Oporrak Bakeani esker, urtero, 10-12 urteko haur sahararrek uda basamortutik eta errefuxiatu kanpamentuetatik kanpo pasatzeko aukera dute, familia euskaldunetara edo udalekuetara etorrita. Laguntza ekonomikoa eman nahi duenarentzako kontu korrontea zabaldu dute: Asociación Jaima, ES75 3035 0080 3408 0004 8015, kontzeptua: pandemia.

Saharatik Ukraniara jo dugu. Chernobil Elkarteak 25 urte beteko ditu aurten, baina ospakizun gazi-gozoa bilakatu da. Nerea Albisu Chernobil Elkarteko kideak esan digu oraindik ez dutela haurren inguruko erabakirik hartu,  “azken unera arte atzeratuko dugu erabakia. Eta uztailean ezin badute etorri,  40 egunetarako ekarri nahiko genituzke Txernobilgo haurrak Euskal Herrira”. Erabakirik hartu ez duten arren, harrera-familia izan nahi duenak oraindik badu aukera; elkartearekin harremanetan jartzeko eskatu dute.

Palestinara begira amaitu dugu. Nerea Uriarte, UNRWA Euskadiko kideak Palestinan eta inguruko herrietan bizi duten egoeraren argazkia egin digu. “Eskuak garbitzea, distantzia soziala mantentzea… oso zaila da han. Ez dakigu zenbat pertsona gaixotu diren, datuak ez dira fidagarriak “. Gauzak horrela, lau ardatz nagusi ezarri dituzte egoerari aurre egiteko. Guk ere gure ekarpena egin dezakegu Palestinako bost milloi errefuxiatu baino gehiagok bizi duten egoera zertxobait arintzeko: unrwaeuskadi.org helbidean sartu eta “Ekarpena egin” botoian sakatuta egin dezakegu ekarpena.

(Fuente:eiteb-2020/05/21)