Keinu txikiak Sahararen alde
Lezo Sahara Batuz taldea aurkeztu zuten atzo Gipuzkoako herri horretan. «Zubi lana» egiteko asmoa azaldu dute taldearen sortzaileek.
«Saharako herriak genozidio bat jasan du. Marokok eta Mauritaniak Mendebaldeko Sahara okupatu zuten, eta milaka herritarrek errefuxiatuen kanpalekuetara joan behar izan zuten. Gatazka honetan milaka herritar galdu ditugu». Hassana Aaliarena da lekukotza. Mendebaldeko Saharakoa da bera —nerabea zela espetxeratu egin zuten, eta tratu txarrak jasan zituen—. Urte batzuk daramatza Euskal Herrian, eta atzo Lezon (Gipuzkoa) mintzatu zen, Lezo Sahara Batuz taldearen aurkezpenean. Giro goxo eta hunkigarrian elkartu ziren hainbat herritar, kultur aretoan.
Edurne Lizarazu erizainak azaldu duenez —sei aldiz izan da kanpamentuetan sahararrei laguntzen—, sortu berri duten taldearen bidez «zubi lana» egin nahiko lukete Lezoren eta Mendebaldeko Sahararen artean. Osasungintzarako materiala ari dira biltzen orain. Laster janari eta arropa bilketak egingo dituzte. Eta, bestetik, Oporrak Bakean egitasmoan parte hartu nahi duten familiekin harremanetan ariko dira. Iratxe Lopetegik azaldu duenez, edozein familiak har dezake haur bat udan. Guraso batzuek euren esperientzia kontatu dute. «8-12 urte bitarteko neska-mutikoak izaten dira. Eta nabarmendu nahi dugu sare handi bat dagoela atzean».
Lizarazurekin eta Lopetegirekin batera, Lezo Sahara Batuz taldean Ainhoa Olaizola, Itsaso Arruti eta Idoia Lopez daude. Juli del Sol herritarrak batu dituela dio Olaizolak. Lizarazuk nabarmendu du sahararrek «balio indartsuak» dituztela. «Eta hemendik keinu txikiak egin daitezke». Oiartzualdeko udalek, bestetik, laguntza ematen diete Sahararen aldeko elkartasun taldeei.
Musika eta tea
Taldearen aurkezpen ekitaldian musikarako tartea ere izan da. Iñaki Labaka aritu da kantuan, gitarra joz, eta alboan izan ditu Aran Mujika, biolina jotzen, eta Maider Labaka, trikitia jotzen.
Hassana Aaliak egin duen kontakizuna herritarren bihotzeraino sartu da. «Sahararrok libre eta bakean bizi nahi dugu. Guk ez dugu aukeratu gerra batean aritzea. Baina ez dugu beste alternatibarik. Eskubideak ez dira oparitzen, eta haien alde borrokatu behar da. Horregatik, Mendebaldeko Saharako herria egoera zailean da, gerran». Ondotik, Labaka kantuan hasi denean, sentimendu beteko isiltasunean gelditu dira Lezoko herritarrak. Eta, Lezo Sahara Batuz taldeko ordezkari bat hizketan hasi denean, ahotsa malkoz trabatu zaio, eta ezin izan du aurrera jarraitu. Aurkezpena gozoago egiteko, dena den, bertaratutakoek aukera izan dute tea edan eta pastak jateko.
Hiru aste barru, Lezo Sahara Batuz taldeko hiru emakume sahararren kanpamentuetara joango dira. Osasungintzako langileak dira hirurak, eta Mundubat gobernuz kanpoko erakundearekin joango dira. Lizarazuk azaldu duenez, Korrikako egunetan ekintza berezi bat egingo dute kanpamentuetan. «Haien borrokarekin bat egiten dugu».
Aaliak esker oneko hitzak izan ditu Lezoko eta Euskal Herriko herritarrentzat. Baina kexu azaldu da alderdi politikoekin: «Kolore guztietako politikariek dezepzionatu egin gaituzte. Pentsatzen genuen Euskal Herriko politikariak Saharako kausaren alde zeudela. Baina, Espainiako Gobernuak Marokoren alde egin zuenean, uste genuen babes handiagoa jasoko genuela eta Euskal Herriko politikariek presio handiagoa egingo zutela. Ez da halakorik gertatu, ordea».
Iñaki Labaka, Aran Mujika eta Maider Labaka musikarien doinu atseginekin amaitu da ekitaldia.
(Fuente: Berria-2024/02/18)