«Inoiz baino familia gehiago» behar dituzte Oporrak Bakean egitasmoan

Durangaldeko familiek zabalik dute udan Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuan bizi diren ume sahararrak harreran hartzeko aukera ‘Oporrak Bakean’ egitasmoaren bidez.

Gaur Durangon eskainitako prentsaurrekoan ekimenaren gaineko xehetasunak eman dituzte Euskadin sahararren delegatua den M.Limam Mohamed Ali-k, Euskal Fondoan Saharako Koordinaziorako arduraduna den Itsaso Anduezak eta Rio de Oro-ko kideek.

Errefuxiatuen kanpamenduetako bizimodua normalean gogorra bada, azken aldiko «gerra testuinguruak» egoera «are larriagoa» bihurtu du. «Horrek kanpamenduetan beste 4.000 pertsona hartu behar izatea ekarri du», adierazi du Anduezak. Hori gutxi balitz, pandemiaren eragina ere hor dago. «Kanpamenduetan laguntza humanitariotik bizi dira eta denbora honetan guztian ez dute laguntzarik jaso. Urrian ireki zituzten berriro Arjeliako mugak. Orduan joan ginen berriro eta euren egoera ez zela bat ere ona ikusi genuen», gaineratu du Anduezak.

Testuinguru horretan Oporrak Bakean egitasmoaren garrantzia azpimarratu dute. «Inoiz baino familia gehiago behar dugu eta epe laburrean bilatu beharko ditugu», adierazi du Anduezak. Dei zabala egin diete herritarrei 8 eta 12 urte arteko umeak euren etxeetan sartzeko. Erakunde publikoei, berriz, «inoizko elkartasun eta ahaleginik handiena» eskatu die proiektua aurrera eramateko.

Azken batean, Oporrak Bakean Euskal Herriak saharar herriarekin daukan «elkartasun nagusienetakoa edo nagusiena da» Anduezaren ustez. M.Limam Mohamed Ali-rentzat sahararren kausarekiko solidaritatearen «bizkarrezurra» den proiektua da eta lankidetzako beste egitasmo batzuk sustatzea ahalbitzen du.

Interesatuek hainbat bide dituzte hartuemanetan jartzeko. Helbide elektronikoa da bat: oporrakbakean@gmail.com. Beste modu bat webgunea da: www.oporrakbakean.eus

(Fuente: Anboto -2022/03/09)