Hassanna Aaliak Saharako testuinguru eta egoera politikoaz hitz egingo du gaur Biterin

Hernanin bizi den errefuxiatu politikoak 19:00etan eskainiko du hitzaldia eta ondoren ‘Oporrak Bakean’ egitasmoaren helburuez hitz egingo da eta programaren inguruko zalantzak argitzeko ere baliatuko da aukera.

Hernanin bizi den Hassanna Aalia Saharako errefuxiatu politikoak, Saharako testuinguru eta egoera politikoaz hitz egingo du gaur hitzaldian, 19:00etan, Biteri kultur etxean. Momentu honetan saharar herriaren egoeraz eta azken urteetan eman diren pausoez ariko da Aalia. Ondoren Oporrak Bakean egitasmoaren helburuez hitz egingo da eta programaren inguruko zalantzak argitzeko ere baliatuko da aukera.

Aste honetan astelehenetik, erakusketa gelan, erakusketa bat egon da Oporrak Bakean egitasmoaren harira. Bertan, eskuorriak daude eskuragarri programaren inguruan informazioa lortzeko.

Oporrak Bakean programa otsailean hasi zen eta martxoaren 31ra arte egongo da martxan. Programa honetan haur errefuxiatu sahararrak udaran Euskal Herrian hartzeko balio du eta aurkezpenean azaldu zuten aurten ehun bat familia behar dituztela haurrak hartzeko, Bidaia bat baino gehiago kanpainaren baitan.

10-12 urte bitartekoak

Oporrak Bakean programak 10 eta 12 urte bitarteko haurrak udako bi hilabeteetan euskal familiekin bizitzea errazten du, basamortuko baldintza gogorretatik aldi baterako aldentzeko, elikadura egokia eskaintzeko, hazten laguntzeko, azterketa medikoak egiteko eta euskal kulturaren eta sahararraren arteko harremana sustatzeko.

Edozein familia motak parte har dezake harrera-familia gisa, bai bakarrik dauden pertsonek, bai bizikidetza-unitateek, seme-alabekin edo gabe. Baldintza garrantzitsuenak adingabeari eskaintzeko denbora eta gogoa izatea eta ostatu hartzeko tartea izatea dira.
Informazio guztia oporrakbakean.eus webgunean jasota dago. Udaran, bi hilabetez saharar ume bat etxean hartu nahi baduzu harremanetan jarri lankidetza@gmail.com webgunean edo 943 33 70 17 telefonora deitu. Aristizabal 7 behea helbidean ere egongo dira.

(Fuente:kronikahernani-2020/03/06)