Harrera familiak behar dituzte Saharako haurrek

Dagoeneko martxan jarriak dira Bixi Bixi eta El Watan elkarteak udan saharar haurrei etxea bilatzeko. Harrera familia gehiago behar dituzte.

Bixi Bixi eta El Watan elkarteek eskaera garbia egin dute: bi urteko etenaldiaren ostean, aurten bai, Saharako haurrek berriro igaro ahalko dute uda eskualdeko etxeetan, baina harrera familia gehiago behar dituzte.

Donibaneko elkarteak aitortu du arin ibili behar dutela, hil honekin batera bukatuko baita harrera familiek izena eman eta izapideak egikaritu ahal izateko epea. Hori horrela, premiazkotzat jo dute sanjuandarrek elkartasun deia lau haizetara luzatzea.

Oraingoz lau dira Donibanen euren teilapea harreran eskaini dutenak. Lan boluntario horren garrantzia nabarmendu du Bixi Bixik: “Saharan udan 60 graduetara ere heltzen dira, batzuk gaixotasunekin datoz eta premiazkoa da bi hilabetez ongi jateko aukera eman eta medikuarenera eramatea, batez ere ahoak eta begiak begiratzeko”. Laguntzeko gogoa duen edonork parte har dezake.

Harrera familia izan edota, besterik gabe, informazio gehiago izan nahi dutenak Bixi-Bixirekin jar daitezke harremanetan 667 72 21 44 (Itziar)  telefonoaren bidez, edota posta elektronikora mezua idatziz.

(Fuente; hitza-2022/03/11)