Harrera familiak behar dira udan haur sahararrak etxean hartzeko

10 eta 12 urte bitarteko saharar neska-mutilekin udan bi hilabete igarotzeko harrera familiak lortzeko deialdia egin dute Tolosaldea Sahararekin elkarteak eta Tolosako Udalak. Harrera familia izan nahi dutenek apirilaren 30a baino lehen eman behar dute izena.

Oporrak Bakean programan parte hartu nahi duten familiak behar dira Tolosan. Tolosaldea Sahararekin elkarteak, udalaren laguntzarekin bideratuta, 10 eta 12 urte bitarteko haur sahararrak udan bi hilabetez etxean hartuko dituzten harrera familiak behar direla adierazi du, haur horien elikadura eta osasuna hobetzeko helburuarekin.

Programan parte hartzeko baldintza bakarra bete behar da: harrera familia izateko nahia izatea. Izena ematen duten familien arabera erabakiko dute ondoren zenbat haur etorriko diren. Hala, harrera programa malgua izaten da, harrera familia bakoitzaren egoerara eta aukeretara egokitzen delako. Harrera familia guztiek udalak emandako diru laguntza bat jasoko dute gastuei aurre egiteko.

Harrera familia izan nahi dutenek, apirilaren 30a baino lehen eman behar dute izena, Tolosako Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailean edota 696 014 789 telefonora deituta. Oporrakbakean@gmail.com helbidera mezua bidaliz edota www.oporrakbakean.eus webgunean eskuratu daiteke Oporrak bakean programari buruzko informazio gehiago.

(Fuente: tolosaldekoataria-2020/03/05)