Elkartasun Karabanak 24 tona elikagai eramango ditu Durangaldetik Tindufeko kanpamenduetara

Rio de Orok urtero abiatzen duen Elkartasun Karabanak Tindufeko kanpamenduetan bizi diren sahararrentzat laguntza humanitarioa batzea du helburu. 

Elikagaien eta bestelako produktuen artean 24 tona batu dituzte aurten. Horrela orain urte biko datuetara bueltatu dira, iaz kopurua herenera jaitsi behar izan zutelako. Bederatzi tona jaso egin dituzte eta 15 erosi. 

«Estatu osoa kontuan hartuta, Euskal Herritik jasotzen dugu laguntzarik handiena», azpimarratu du Fatma Brahim Salem Frente Polisarioak Euskal Herrian duen delegatu ordeak, gaurko prentsaurrekoan. «Ikaragarri eskertzen dugu», gehitu du. Rio de Oroko Mikel del Arcok Durangaldetik urtero jasotzen duten elkartasun «itzela» nabarmendu du.

Durangaldean batutako guztia trailer batean kargatu dute eta Euskadiko Elkartasun Karabanaren parte izango da. Guztira 100 tona laguntza humanitario bidaliko dira Tindufera, lau trailerretan banatuta. Karabana martxoaren 9an abiatuko da Donostiatik Alacantera. Han ferry batera igoko dira trailerrak, Oranera bidean. Behin Oranera helduta, Frente Polisarioaren ordezkariak arduratuko dira zama errefuxiatu-kanpamenduetara helarazteaz. Kanpamenduetan Saharako Ilargi-erdi Gorriak banatuko du laguntza herritarren artean. 

Datu ekonomikoei dagokionez, 33.523 euro batu dituzte. Euretako 24.443 euro dirulaguntza publikoak izan dira; 1.500 euro dohaintza pribatuak; 5.112 euro diru-bilketa kanpainaren bidez lortutakoak eta 2.468 Rio de Orok jarritakoak.

Oporrak Bakean kanpaina

Egitasmo bat amaitu eta beste bati heldu. Adin txikiko saharauiak eskualdeko familietan hartzeko Oporrak Bakean kanpaina gaur abiatu dutela iragarri du Mikel del Arcok. Euskal Herrian 300 harrera-familia lortu gura dituzte. Durangaldeari dagokionez, iaz 11 ume ekarri zituzten. «Iazko harrera kopurua handitzeko lan egingo dugu».

Gaza gogoan

Palestinan eta Gazan gaur egun bizi duten egoera ere gogoan izan du Mikel del Arcok. «Gazan gertatzen ari dena genozidio bat da eta salatu egin gura dugu. Gure babes osoa adierazten diogu herri palestinarrari».

AURTENGO BILKETA DURANGALDEAN

  • Pasta: 8.450 kilo.
  • Arroza: 8.000 kilo.
  • Lekaleak: 4.000 kilo.
  • Azukrea: 2.000 kilo.
  • Haur-oihalak: 700 kilo.
  • Konpresak: 400 kilo.
  • Atun latak: 200 kilo.
  • Sardina latak: 150 kilo.
  • Oliba olioa: 100 kilo.

(Fuente: Anboto-2024/02/27)