Darahlik 2.500 kilo elikagai bildu ditu Saharako errefuxiatuen kanpamenduetara bidaltzeko

Iaz baino gutxiago izan arren, herritarren erantzuna «bikaina» izan da, Darahliren arabera.

Piztu itxaropena lelopean, Sahararen aldeko euskal karabana izan zen joan den astean Zumaian, Darahli Elkartearen eskutik. Aste barruan herriko ikastetxeetan eta asteburutan BM eta Eroski supermerkatuetan bildu zituzten elikagaiak.

Darahli Elkarteak eman ditu dagoeneko bildutako elikagaien datuak: 170 kaxa bete dituzte elikagaiekin –atuna, azukrea, pasta, lekale eta arrozarekin–. Guztira, 2.500 kilo bildu dituztela jakinarazi dute. Konpresekin, aldiz, 11 kaxa betetzera iritsi dira. Iaz baino gutxiago izan arren, herriaren erantzuna «bikaina» izan dela azpimarratu dute.

Eskerrak eman dizkiete kanpainan lagundu duten zumaiarrei, supermerkatuei eta ikastetxeei, baita bilketan lagundu duten 90 boluntario gazteei ere.

(Fuente: Baleike Zumaia-2020/02/03)