Chaba Seini: «Emakume sahararrak ezinbestekoak izan gara herri eraikuntzan»Chaba Seini: «Emakume sahararrak ezinbestekoak izan gara herri eraikuntzan»
Seinik dio emakumea iraultzatik egon dela borrokan, baina berdintasunaren aldeko urratsak egiten jarraitu behar duela: «Errotuta dago boterean egotea gizonezkoen kontua dela».
Euskal Herriko hainbat emakumeen etxeetan izan berri da Chaba Seini (Tifariti, Mendebaldeko Sahara, 1966). UNMS Saharako Emakumeen Batasun Nazionaleko idazkari nagusiaren hitzetan, ezinbestekoa da sareak sortzea, eta bisita horrek zeregin horretan lagundu du. Tanzaniara egin berri duen bidaiak ere asmo bera dauka. Seini Munduko Emakumeen Martxako kidea ere bada, eta herrialde hartan elkartu da mundu osotik joandako emakumeekin. Feminista dela, horixe da esan duen lehenengo gauza. Arabiar irakaslea izan da, eta bere eskuekin egin zituen adreiluak, kanpalekuak zutitzeko.
Aurten 50 urte egingo ditu UNMSk. Fronte Polisarioa eratu eta urtebetera sortu zen. Minatu Lemraidani, Aiza Abd Alla Eyna eta Fatimatu Alali izan ziren lehen emakume horiek…
Aitzindariak izan ziren. Klandestinitatean egin zituzten lehen bilera horiek, kolonialismoaren garaian. Fronte Polisarioak sorreratik argi izan zuen emakumeak borroka honen parte izan behar zuela, eta askapen mugimendu nazionalean ordezkatuta egon behar zuela. Iraultzak berak ezinbestekoa egiten zuen emakumeen presentzia.
Emakume sahararrak ezinbestekoak izan gara herri eraikuntzan; herriaren askatasunaren eta independentziaren alde borrokatu gara, eta, aldi berean, emakumeen askatasunaren eta independentziaren alde. Garai horretan esku batekin zenbatu zitezkeen irakurtzen eta idazten zekiten emakumeak, baina kontzientzia politikoa zuten. Masa mugimendu bat zen.
UNMSren lehen kongresu ofiziala 1985ean egin zen, erbestean. Orduan hartu zuen gaur duen izena, eta ordutik emakumeak elkartuta gaude. Otsailaren 27ko Emakumeen Etxean egin zen lehen kongresu hura.
Erreferentzia bat da etxe hori.
Bai. Milaka emakume pasatu gara hortik. 1979an sortu zen. Abiapuntua izan zen. Gaur egun, wilaya [kanpaleku] guztietan daude emakumeen etxeak, baina hura aurrenekoa izan zen. Emakumeen ahalduntzerako ezinbesteko lekua izan da. Berdintasunaz eztabaidan ari zirenean, emakumeek horrela esaten zioten elkarri: «Ikusten da oraindik ez zarela 27an egon».
Smara izan zen emakumeen etxe bat izan zuen lehen wilaya, ezta?
Bai. Smaran sortu zen lehen emakumeen etxea, 2005ean. Arrakasta itzela dute; emakume guztiek espazio hauetan ikasi dute ahalduntzen. Alor guztietan egiten da lan, politikoan, sozialean, ekonomikoan, kulturalean… Tailerrak eta ikastaroak egiten dira; sukaldaritza, joskintza, gimnasia…. Gaztelerazko eta ingelesezko klaseak ere ematen dira. Gero kanpaina puntualak egiten ditugu emakumeek begiak are gehiago ireki ditzaten eta euren eskubideez jabetu daitezen.
«Herriaren askatasunaren alde borrokatu gara, eta, aldi berean, emakumeen askatasunaren alde».
Zeintzuk dira egungo erronkak?
Emakume sahararra iraultzaren sorreratik egon da borrokan, baina berdintasunean urratsak egiten jarraitu behar dugu. Ahalduntzea alor guztietan garatu behar dugu. Gaur egun emakume askok gizonen alde bozkatzen dute kongresuetan, errotuta dagoelako boterean egotea gizonezkoen kontua dela. Begiak zabaldu behar ditugu. Estatu bat sortu dugu erbestean, estatu demokratiko bat, baina emakume batzuk gaur-gaurkoz uste dute kargurik gorenak gizonen eskuetan egon behar dutela. Emakume sahararrak ezin du atzera egin.
Saharako Parlamentuak 51 eserleku ditu; horietatik 21 emakumezkoenak dira.
Bai, lehenengo aldiz %42 izatera iritsi gara. Emaitzak onak dira, baina gure helburua da %50era iristea. Bulego Politikoko 27 kideetatik sei baino ez dira emakumeak. Erabakitze guneetan emakumeak egoteak politiketan eragiten du. UNMS-tik atera dira orain agintean dauden emakumeak.
Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko gobernuan gero eta ordezkari emakumezko gehiago ditugu: Mariam Salek, Fatma Mehdi, Maluma Labaras, Enguia Salama, Jira Bulahi… Hiru ministro andre ditugu, tartean Barne ministroa.
Nola eragiten dio gerrak emakumeen borrokari?
Aitortu behar dut oso harro nagoela nire herriaz. Bigarren askapen gerra honek are gehiago elkartu gaitu. Gerrak inoiz ez dakar ezer onik, ikaragarria da, baina ez dugu besterik. Bakea lortzeko, berriz ere armak hartu behar izan ditugu. Tamalez, emakume sahararra gerrara ohituta dago. Familia guztietan ditugu martiriak.
Saharar guztion lehentasuna gure lurraldearen askatasunagatik borrokatzea da, eta bat eginda gaude. Polisarioa gure ordezkari bakarra da, eta erabat babesten dugu gerra itzultzeko hartutako erabakia. Gerra ez da egun bakar batez eten. Marokok droneak erabiltzen ari da lurralde liberatuak bonbardatzeko, militarrak eta zibilak hiltzen ari dira, baita gameluak ere. Marokok, hala ere, gerra bat dagoenik ukatzen jarraitzen du arrazoi estrategikoengatik.
Zer harreman duzue lurralde okupatuetan dauden emakume sahararrekin?
UNMSk emakume saharar guztiak ordezkatzen ditu. Harreman zuzena dugu beraiekin, telefonoz, edo posta elektronikoz. Gerrarekin, errepresioak okerrera egin du. Aurrekoan, Mina Baali ekintzailearekin hitz egin nuen. Etxe atarian Poliziaren bi auto zituela esan zidan.
«Tamalez, emakume sahararra gerrara ohituta dago. Familia guztietan ditugu martiriak».
Marokok kaleak blokeatzen zituen lehen, ekintzaileak protesta egitera ateratzen zirenean, baina euren etxeak setiatu dituzte orain. Gau eta egun zelatatzen dituzte. Gure lehentasunetako bat egoera hori ezagutzera ematea eta blokeo informatiboa haustea da.
Lurralde okupatuetan ere emakumeen etxea eratu zen, ezta?
Hiru urtez baino ez zen zabalik egon. Marokok itxiarazi zuen. Lurralde okupatuetako emakumeek ekarpen handiak egin dituzte; adibidez, gure memoria historikoa jasotzeko proposamena haiena izan zen. Hegoa Institutuak lan handia egin du lurralde okupatuetako emakumeekin.
Zer moduz Euskal Herrian? Zer balorazio egiten duzu?
Oso ona. Elkartasuna oso beharrezkoa da, eta munduko gure ahizpen babesa behar dugu. 2005ean sare bat sortu genuen hemengo emakumeekin. Euskal Fondoarekin, udalekin eta elkarteekin egiten dugu lan; ekarpenak egiten dizkiogu elkarri, babesa ematen diogu elkarri; azken batean, ideal berberak partekatzen ditugu.
Hemengo eta hango emakumeen etxeak antzekoak dira, baina ez dugu ahaztu behar gureak errefuxiatuen kanpalekuetan daudela. Baldintzak ez dira berdinak.
(Fuente: Berria-2024/04/05)