Arabako zigilua duen ‘Solo son peces’ dokumentala ere Goya Sarietarako izendatu dute

Ane eta Baby ez dira Goya Sarietan izendapenak lortu dituzten Arabako film bakarrak. Arabako SEADen Lagunen Elkarteak eta Al Borde Films ekoiztetxeak egindako Solo son peces dokumentala ere Goya Sarietarako hautagaia da.

Arabako SEADen Lagunen Elkartearen eta Al borde Films ekoiztetxe bilbotarraren Solo son peces film labur dokumentala Goya sarien 35. edizioan izango da. Izendatutako 141 film laburretatik, Goya sarietarako hautagai izan diren 33 film labur dokumentalen artean nabarmendu da, eta, azkenik, martxoaren 6an Malagan ospatuko den sari banaketan izango da filma.

Dokumentalak Espainiako Zinemaren Sari Nagusia jaso zuen Zinebiko 61. edizioan. Orain, berriz, film labur dokumental onenaren saria irabazteko lehian dago beste hiru lanekin: Biografía del cadáver de una mujerParaíso en llamas eta Paraíso.

Zuzendariek eta dokumentalaren aurrekari den proiektuaren elkarte sustatzaileak izendapena ospatu dute, “Saharar herriaren erresistentzia eta erresilientzia ikusaraztea inoiz baino garrantzitsuagoa den une batean”. Izan ere, ameskeria bat dirudien zerbait lortzeko, basamortuan arrainak hazteko, lanean ari diren hiru emakume sahararren istorioa kontatzen du.

Saharako istorio bat

Teslem, Dahba eta Jadija duela gutxi inauguratu duten arrain-haztegi batean ari dira lanean, errefuxiatu sahararrak hornitzeko helburuarekin. Saharako herriak, bere lurretik oso urrun egon arren eta itsasorik gabe egon arren, basamortuan arrantza egin dezake, Saharako gunerik idorrenean. Jada ez dute itsasorik, baina bai arrainak.

“Bere historia gainditzearen eta biziraupenaren adibide da”, adierazi dute Ana Serna eta Paula Iglesias zuzendariek: “Ezbeharrei buelta ematea eta arrain-haztegia aurrera ateratzeko berrasmatzea lortu dute, eta hori guretzat bizitzen ari garen garaietan inspiratzailea da”.

Olatz Alonso, ekoizlea

Arabako SEADen Lagunen Elkartetik, Olatz Alonso ekoizle eta proiektuaren koordinatzaileak Goya sarietarako izendapenaren garrantzia azpimarratu du. “Espainiako zinemaren saririk entzutetsuena eskuratzeak duen garrantziaz harago, guretzat aukera paregabea da Mendebaldeko Saharan bizi den gatazka ikusarazteko, ez baitira arrainak bakarrik”, azpimarratu du.

Izan ere, dokumentala Arabako SEADen Lagunen Elkartearen garapenerako lankidetza-proiektu batetik sortu zen, eta EFA Abidin Kaid Saleh Zinema Eskolaren lankidetzarekin egin zen. Eskola horretako irakasleak eta ikasleak filmaketa taldeko kide izan dira.

Euskal Herriko gazteen eta saharar errefuxiatuen kanpamenduen arteko lankidetzaren emaitza da, Arabako SEADen Lagunen Elkarteak abiarazitako Saharaz Blai lehiaketaren bidez, kanpamenduetako zinema eskolaren, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren eta FiSahararen laguntzarekin, eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren finantzaketaren bidez, elkartearen lankidetza proiektu baten esparruan.

(Fuente:Alea-2021/01/19)