«Agerian geratu da Marokoren funtzionatzeko era mafiosoa»

El Mohtarrek nabarmendu du sahararrek 47 urte daramatzatela okupaziopean, baina «tinko» eusten diotela erresistentziari. Polisarioak «tresna» gisa duen «legitimitatea»aldarrikatu du.

Jadiyetu El Mohtar (Dakhla, Mendebaldeko Sahara, 1959) kazetaria, irakaslea, itzultzailea, ekintzailea, politikaria, ama eta feminista da, baina ezeren gainetik, sahararra: «Nire herriaren kausarekin eta haren borrokarekin konprometitutako emakume bat besterik ez naiz». Saharar askorena bezala, haren familia zatituta bizi da: ama lurralde okupatuetan, anai-arrebak errefuxiatu guneetan eta hura diasporan.

Uztailetik, Fronte Polisarioaren ordezkaria da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko Irrati Nazionaleko ahotsa izan zen errefuxiatuen guneetan, baita gaztelera irakaslea ere, eta erakundearen ordezkari izan da hainbat herrialdetan. Emakume Sahararren Batasun Nazionaleko kidea ere bada. Kongresuaren atarian erantzun ditu BERRIAren galderak, kanpalekuetatik.

Ikusi gehiago: Polisarioak su etena hautsi osteko lehen kongresua abiatuko du gaur Dakhlan

Zer espero duzu Fronte Polisarioaren XVI. Kongresutik?

Kongresuan, saharar sentsibilitate guztiak daude ordezkatuta. Fronte Polisarioa ez da alderdi politiko bat, baizik eta tresna bat saharar herriak nahi duen askatasuna lortzeko. Herri mugimendu bat da, nazionala, eta saharar guztiok identifikatuta sentitzen gara. Gero, behin gure helburua erdietsita, baliteke alderdi politiko bat edo gehiago bihurtzea, edo desagertu eta historiako liburuetan geratzea, baina, gaur egun, saharar guztiak gara Fronte Polisarioa.

Su etena hautsi ondorengo lehen kongresua da. Zer esanahi du horrek?

Kongresu hau mugarria izango da, borroka armatua gogortzeko prest gaudelako. Gerra eta erresistentzia armatua gogortzeko estrategia berriei helduko diegu, baina borroka ez dago gerran bakarrik, borroka politikoa, juridikoa eta diplomatikoa ere bada. Saharar herriak independentziaren alde borrokatzen jarraitzen du, herri guztien eskubidea baita. 47 urte daramatzagu okupazio baten pean, baina tinko eusten diogu erresistentziari, eta kongresu honek mezu argi eta sendo bat bidaltzeko balioko du: Saharako herriak bere borrokari eutsiko diola eta hura gogortuko duela, independentzia lortu arte.

Fronte Polisarioak 50 urte beteko ditu aurki. Beteranoei egiten zaizkien kritikak ez dira eten. Nola dago askapen nazionalerako mugimendua?

Kritikak eztabaida legitimo baten parte dira, eta osasuntsuak dira. Askapen mugimendu demokratiko bat gara. Kongresu bakoitzean belaunaldi aldaketari eta kudeaketa moduari buruzko eztabaida zabaltzeak erakusten du sahararrona gizarte irekia eta politizatua dela; saharar gizartearen berezitasun bat dela esango nuke. Gazteek bidea ireki nahi dute estatuaren eraikuntzan beren ikuspegia eman ahal izateko, eta pixkanaka ari dira lekua hartzen. Bai gazteok, bai guardia zaharrak, bat gatoz gure herria askatzeko konpromisoarekin, eta hori da garrantzitsuena. Gure kausaren aldeko konpromisoa gailentzen da beste edozein gairen gainetik.

Marocogate auziak denen ahotan zegoen zerbait utzi du agerian. Ikerketa abian da, baina gauzak aldatuko direla uste al duzu?

Eskandalagarria eta lotsagarria da, baina garrantzitsuena da agerian geratu dela Marokok funtzionatzeko duen era mafiosoa. Eroskeria Marokoren mekanismo bat da, eta guztiok ezagutzen genuen. Orain agerian geratu da interes ekonomikoak zintzotasun politikoaren gainetik daudela batzuentzat, eta hori ikusi dugu Europaren bihotzean dagoen erakunde batean. Parlamentua ustelkeriaren habia izan da, baina eskandalu horrek berresten du gure diskurtsoa legezkotasunean eta justiziaren defentsan oinarrituta dagoela.

Aurreikus daiteke eskandalu horren ondoren neurriak hartzea eta nazioarteko zuzenbidea betearaztea, bereziki orain, baliabide naturalen arpilatzeari buruzko auziari amaiera emango dion epaiaren zain gaudenean.

Zer iritzi diozu iaz Pedro Sanchezek izan zuen jarrera aldaketari?

Lotsagarria, moralgabea eta etika gutxikoa izan zen. Larria eta arriskutsua iruditzen zaigu, kontuan hartuta sozialisten oinarriek beti babestu dutela saharar herriaren borroka bidezkoa. Urrats huts bat egin zuen errotiko biraketa horrekin. Sanchez okertu egin da Marokoren tesi anexionisten alde eginda. Euskadin ordezkari naizenez gero, esan beharra daukat euskal indar politiko bakar batek ere ez duela inoiz babestu saharar herriaren autodeterminazio eskubidearen aurkako konponbidea. Euskal indar politiko guztiek kritikatu dute Sanchez.

Gerra egoera berriz ere ezarri zenetik, errepresioa gero eta latzagoa da lurralde okupatuetan. Sultana Khaiarekin ikusi da…

Izugarri areagotu da. Sultana Khaia etxean espetxeratuta egon da, setiatuta, bortxatuta, eta eraso ere egin diote. Ekintzaileen aurkako praktika sistematikoek ez dute etenik. Egoera dramatikoa da: mehatxuak, xantaiak, jazarpena… Baina ekintzaileek beldurra galdu dute, eta emakume ekintzaileak goretsi nahi ditut, horiek baitira intifadetan eta protestetan kalera irteten lehenak.

Kanpalekuetan, berriz, nazioarteko laguntza apaldu egin da. Zer-nolakoa da egoera?

Egoera oso gogorra da. Ez da ahaztu behar basamortua ankerra dela eta krisia larriagotu egin dela pandemiarekin eta nazioarteko krisiarekin. Sendagaiak eta laguntza humanitarioa urriak dira, eta horrek eragin handia izan du haurren eta adinekoen osasunean. Laguntza guztia gutxi da, eta are gehiago gerran egonda.

(Fuente:Berria-2023/01/13)