800 kilometro egin ditu Euskal Karabanak egun bakarrean Tindufera heltzeko

Saharako errefuxiatuen kanpalekuetara materiala eramaten ari den karabana bere helmugara iristear da. Atzo ia 800 kilometroko bidea egin zuten Tindufera heltzeko. 

Karabana honetako partaide den Peio Romatetek bidaiaren laburpena bidali digu errepidetik: «[Astelehenetik astearterako] gaua institutu batean egin genuen. Gaueko 11k izango ziren denok bildu ginenerako; zestoarrek arkumea prestatu zuten labean, eta denok batera afaladu genuen. Goizeko 6tan genuen irteerako ordua. 800 bat kilometro falta zitzaizkigun helmugarako, eta pentsatzen genuen bi txandatan egingo genuela, egunean 300 bat kilometro egiten ari ginelako. Baina esan ziguten bai ala bai gaur gauerako heldu behar genuela Tindufera. Besperatik gasoila botata genuen, eta gauez atera gara. Behin bidegurutze batera heldu garenean atzean utzi dugu zibilizazioa, eta aurrean 700 kilometro egin behar genituen desertuan zehar.

Azken 700 kilometro hauek zuzen handi bat da; segi, segi, segi Tindufera heldu arte. Errazagoa ere bada, ez dituzu eta herriak pasatu behar. Abiadura handiagoarekin goaz, eta trafiko askorik ere ez dago. Behin Tindufera helduta bertan egingo dugu lo, eta hurrengo egunean joango gara kanpalekuetara».

(Fuente: Baleike-2021/12/08)